Make your own free website on Tripod.com

Escritos de - Iñaki De Juana Chaos - en idatziak

Ezker Abertzalea Kasua

Home
Bibliografía
El Escudo
Ezkutua
The Shield *ENGLISH*
Lo Scudo *ITALIANO*
Gallizo
Gallizo *ENGLISH*
Gallizo *ITALIANO*
Obviedades
Begien bistakoak
El «caso izquierda abertzale»
Ezker Abertzalea Kasua
¡Que viene el lobo!
Otsoa. Otsoa!
La «derechona»
Eskuintzarra
Honradez versus razones de Estado
Zintzotasuna vs. Estatu arrazoiak
Ene protestaren zergatiak
Los motivos de mi protesta
Carta Pública

BERRIAn argitaratua 2006-03-10ean



La Razón egunkariak, urtarrilaren 19ko edizioan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek harturiko erabakiaren arrazoiez: «Jose Ignacio de Juana Chaos etakidearen prozesamendua agindu zuen, Gara egunkarian plazaratutako bi artikulurengatik. Neurriari esker, hamaika gorabeheraren ondoren, helburua erdietsi zuten: iazko uztailean etakidea kartzelatik irten zedin galaraztea, terroristari kalera irteteko 26 egun baizik geratzen ez zitzaizkiola». Isilpeko kontu horiez zehaztasun osoz informatua dago hedabidea, dudarik gabe.



Aurtengo otsailaren 8an Espainiako Justizia ministroak eginiko adierazpenak («Behar den froga osatuko dut, presoak kalera irten ez daitezen»: hots, teknikoki, «egozpen berriak») irakurri ditut. Lehenago ere antzekoak egina zegoen: «Banda armatuarekin loturik segitzearren edo kartzelatik eginiko mehatxuengatik, De Juana Chaosekin egin genuen bezala». Ministro jauna kontu horrekin obsesionatua dagoela pentsa genezake, dena Justiziaren (begiak estalita, esku batean balantza eta bestean ezpata daukala, hauts gehien biltzen den bazterrean zokoratzen den iruditxoa, alegia) mesedetarako egiten duela ez bageneki.



Beste egunkari zahar bat iritsi da: hemen, zentsoreek bidezkotzat jotzen dutenean ematen dizkigute egunkariak. Estatuko fiskal nagusia mintzo da, berriro ere, Parotez eta De Juanaz (Asper-asper eginda nago De Juana eta Parot horiekin!): «Ez dira kartzelatik irtengo». «Sekula» hitza ez du erabili, baina... ene ustez serio ari da, betirako esan nahi du, nonbait. Horrenbesterainoko justizi grinen atzetik zerbait dagoela susmatzen hasia nago, hainbat preso katez zamatzeko asmoez gainera. Izan ere, aipatu ditugunen antzeko adierazpenak egunero-egunero bi urtez plazaratu eta hedabideek sekulako oihartzuna harrotzea, gure ustez, mendekuak bakarrik ez luke justifikatuko.



Maria Moliner espainierako hiztegia hartu eta prevaricar hitzaren adiera bilatu dut: «Bere karguari dagozkion ebazpenetan, enplegatu publikoak justizia urratzea, nahita edo ezjakintasun desenkusagarriagatik». Zalantza etorri zait: motiborik edo deliturik ba ote dagoen aintzat hartu gabe, pertsona jakin bat kartzelan sartu edo edukitzeko xedeari aurretiaz helduta, ebazpen judiziala emate hori definizioan sar liteke? Juristaren bati galdetu beharko. Nekez sinets nezake egiten ari direna prebarikatzea denik. Legezkoa, omen. Prebarikazio delituan ezin amil bailitezke magistratuak, fiskalak, ministroak... denak batera. Areago, hanka-sartze galanta litzateke preso bakarragatik beren Zuzenbidezko Estatuaren gabeziak horren lotsagabeki erakustea.



Kondena 2004ko urriaren 24an amaitu nuen. Urte eta erdi honetan, gertatzen ari denaz okerreko azalpen batzuk entzun ditut ene inguruan. Asmo onez, inozotasunez edo sinesgaiztasunez adierazitakoak, dudarik gabe, irregulartasun pila hori ikusita: «Barruan tarte bat eginik, askatu egingo haute», «beste pare bat urte eta aseko dituk», «artikulu horiek idatzi ez bazenitu...», «horren kondena luzea daukazunez...», «hirekin maiteminduak zeudek»...



Akatsezkoa. Nahiago nuke, okerrenik okerrenean, neroni ezarritako zigor indibidualizatu hutsa balitz. Baina ene «kasu» honen eta antzeko beste batzuen ondorioak hedatu eta larritu egingo dira. Baita Ezker Abertzaletik haratago ere. Eta estatu osoko askatasunen murrizketaren parte bihurtuko dira, interesen arabera bakarrik aplika balitzate ere.



Espainiako Auzitegi Nazionaleko Penaleko Aretoko presidenteak aresti Iruñean emaniko hitzaldian guztiz egokiro azaldu zuen kontua: «Zenbaitetan, legea aldatzea komeni dela iruditzen zaigu; horrelakoetan aukera hori zabaldu eta erabakia Gorenaren eskuetan uzten da, errekurtso bidez».



Epaile horrek berak, Tele5-ek joan den hilaren 21ean eginiko elkarrizketan zioenez, Auzitegi Nazionaleko korridoreetan hamabost bat kazetari baimendun ohi dabiltza beti. Bitxia da, gero, justizi epaitegi batek hedabideei horrenbesteko abegia etengabe egitea.



Gaizki pentsatzen hasita, koktel bat asmatu dutela susmatuko nuke. Hona osagaiak: atseginak ez diren legeak aldarazteko asmoz beteriko epaileen zukua, Espainiako Auzitegi Nazionalean barrena hara-hona dabiltzan kazetarien hautsak, aitortzeko moduko interes politikoetatik, tanta bat; beste tanta bat, horren aitorgarri ez direnetatik; inortxok ere defendatuko ez lituzkeen erreklamo mediatikoez lurrindutako fruitu lehor batzuk, lagungarri. Astindu dena eta, hortxe daukazu askatasun murrizketaren edabe ahogozagarria. Hor, garrantzi handirik gabeko erakargarri gisa, Parot, beste hainbat kide eta neu sartu gaituzte. Ez gara indibidualtasunak, ordea, estatu espainiarraren zapalkuntza-interesen arabera artifizialki dimentsionatutako lanabes hutsak baizik.



«Parot kasu» horrekin zapalkuntza-zirkuitu horietako bat erredentzioei dagokiena bete da. Lehendabizi, kondenak biltzeko aukerari ateak itxiz, legearen araberakoa ez den ebazpena eman du Auzitegi Nazional espainiarrak. Bigarren, «ezin defendatuzko asasino» delakoa medio, hedabideetan sekulako kanpaina abiarazi dute. Hirugarren, errekurtso bidez, kontua Auzitegi Gorenera iritsi da, Penaleko Aretoko presidenteak Iruñean adierazi legez. Laugarren, Auzitegi Nazionalak kondenak biltzeaz adierazitakoa ezeztatu egin du Auzitegi Gorenak. Huskeriak! Kontua zen epaitegi hari adierazpenak egiteko bide ematea. Esan eta izan: ez bataren, ez bestearen eskakizunik jaso gabe, 1973ko Kode Penalaren arabera kondenaturiko presoen erredentzioak, de facto, baliogabetu egin ditu.



Ohitua nago honezkero: ene aurka oraino diktatu ez diren ebazpenez, eman baino egun (are aste) batzuk lehenago hedabideetan irakurri ditut askotan. Horregatik ez nau harritu estatu espainiarreko Fiskal Nagusiak etorkizuna iragartzeko duen dohainak: «Auzitegi Goreneko plenoak, datorren astelehenean biltzekoa denak, kondenak biltzearen eragin kaltegarria arintzeko formularik aurkituko du, noski». Baita bete-betean asmatu ere!, are Auzitegi Goreneko Penaleko Aretoaren bilera egin aurretik.



Asmatu zuen, bai, Paroti zegokionean ez ezik, beste askoren panorama iragartzean ere. Helburu horren atzetik baitzihoazen Zaintza Penitentziarioko Auzitegi Zentrala sortu zuten egun hartatik, kondenak oso-osorik betetzeaz hedabideek zabaldu dituzten kanpainen hastapenetik. «Parot kasu» gisa hasi zen hura estatu espainiarreko preso guztien kasua bilakatu da.



«De Juana kasuak» inplikazio ezin larriagoak ditu, Auzitegi Nazionaleko Penaleko Aretoak eman nahi dion interpretazioaren arabera. Lehenik, euskal presoen kolektiboa ez omen da hori, delitua helburu duten erakunde multzo baten «kartzela-frontea» baizik: ederki frogatua dagoenez, terrorista baten koinatuaren adiskidearen lehengusuaren ezaguna ere terrorista da. Eta absurdoraino iritsi gara: kartzelan edukiko zaituzte, zu bezalako motiboak dauzkatelako kartzelan diren pertsonekin izateagatik. Argi baino argiago, nonbait. Bigarren: lehenago ere motibo berberengatik kondenatua izan zarenez eta, kondena betetzen ari zaren bitartean, berriz ere kondenatua izan zaitezkeen, Auzitegi Nazional espainiarrak epaia emango du: honakoak, legearen araberako ez bada ere, Auzitegi Gorenari ateak zabaldu behar dizkio, dotrina («Delitu hau egite iraunkorrekotzat jotzen du, denbora-mugarik gabea») alda dezan; horrela, presoa etorkizunean motibo berberagatik behin baino gehiagotan kondenatu ahal izango dute. Hirugarren: horiez gainera, hor delitu arrastorik ere ez dagoenez, iritzi-delitua berriro jarri dute indarrean, «mehatxu» ezizenez bataiaturik. Tira, zapalkuntza-bide hauetan jurisprudentzia sortzeko dagoen arriskuaz luzatzeari alferrikako deritzot.



Aspaldi honetan Euskal Herria zigortzeko antolatu dituzten makro-prozesu judizialek sekulako garrantzia dute. Garrantzi berekoak dira, arrazoi berberengatik, preso politiko jakin batzuen lepotik aresti hasitako prozesua: azkenean, Espainiako Auzitegi Gorenak makro edo mikro epaiketa batean emango duen epaia bakarra izango da, baina horren ondorioak denok nozituko ditugu.



Oraingoan ere denetan bezala disidentziaren kontra hasitako prozesu judizialek gure Herriak bizi duen gatazka politikoa agerian jarri eta legitimatu egin dute. Orain, inoiz baino nabarmenago, preso politikoak bahi gisa daukan balioa erakutsi du estatu espainiarrak. Horixe ez dagoela kasu indibidualik! Ezker Abertzale osoaren kasua da, askatasunean bizitzeko borrokatzen den ororen kasua.

Artikulu hau gazteleraz

Éste artículo en castellano

ecoestadistica.com