|
BERRIAn argitaratua 2006-02-18an
Gezurretan ari dira, inongo lotsarik gabe: politikoak, kazetariak eta, euskal presoen kontrako kanpaina mediatikoetan,
gizakia presondegian heriotzaraino edukitzea eskatzen duten balizko adituak. Jakina denez, biziarteko kartzela-zigorraren
alde erakusten duten argudioa nazioarteko legeriaren zorroztasuna da, estatu espainiarreko bigunkeriaren aldean, noski.
Legerian biziarteko zigorra indarrean duten ingurune hauetan erreferente bila gabiltzala, berriz, nolako presoari halako
tratamendua eman zaiola egiaztatu dugu. Hori bai, Euskal Herriak eta estatu espainiarrak bizi duten arazo politikoa konpontzearen
kontrako baina bortizkeriaren eta bengantzaren aldeko sutsu diren kutsatzaile mediatikoek setakeriaz errepikatzen dutenaz
beste aldera, zeharo.
Estatu frantziarrak Kode Penala hamaikatan berritu eta gogortu ondoren, hogei urteko segurtasun aldia finkatu du, biziarteko
zigorrei dagokienez; epe hori betetakoan, kondena aztertu egingo da eta ez du inondik ere 25 urteko muga gaindituko. Alemaniak
gutxieneko kartzela-aldia 15 urtean xedatua du; horrela kondenatuta dagoenak 20 urte betetzen du batez beste, salbuespenezko
hiru kasutan zigorra 25 urtera arte iritsi bada ere. Italiako kartzelan 33 urte eman daitezke, gehienik, baina tarte horri
hainbat arrazoirengatik murrizketak kendu behar zaizkio. Erresuma Batuan gutxienekoa 12 urte da eta horrezkero berraztertzen
da kondena; gehienekoa 20 urte da (egun, hiru pertsona daude egoera horretan). Gainerako europar herrialdeetako kode penalek
antzeko zigorrak eta txikiagoak dituzte xedatuak. Estatu batzuetan (Holandan, adibidez, biziarteko zigorra indarrean duelarik)
egiazko zigor-epea aipatutako horiek baino askozaz laburragoa da.
Estatu espainiarrean, 1973ko Kode Penalaren arabera, gehieneko kondena 30 urte zen, lan, ikasketa eta antzeko arrazoiengatik
labur zitekeelarik. 1995ean eraberritutako Kode Penalak egiazko egonaldia 30 urtera ekarri zuen, inongo murrizketa egiteko
eskubiderik gabe; 2003ko eraberritzeak, berriz, ziegan benetan eman beharreko epea 40 urtean finkatu zuen. «Ziegan» esan dut,
nahita esan ere: euskal preso politiko gehienok kondena erregimenik gogorrenean betetzen dugulako, Europa osoan gertatzen
denaz beste aldera: EBn kondena luzeenak bizitza-erregimen leunagotan betetzen dira, pertsona erabat ez akabatzeko. Begi bistakoa
da, beraz, demokrazia horretako Kode Penalaren onberatasuna.
Estatu espainiarrean ez dago biziarteko kartzela zigorra, egiari zor. Egungo Kode Penala eskuan, euskal preso politikoei
aplikatzen zaiena heriotza-zigorra da. Zenbaitetan heriotza azkar dator, hainbat urte kartzelan eman ondoren: zerrenda luzea
osatu dute azken 30 urteotan osasun alorreko axolagabekeriarik ankerrenaren erruz hil edo bere buruaz beste egin duten burkideek.
Gehienetan, ordea, ezin gogorragoa izango den egoeran berrogei urtera luzaturiko heriotza-zigorra beteko da.
Kartzeletan ez ezik kartzela barruan ere sakabanaturik, bakandurik, isolaturik eman ditugu dozenaka urte. Dozenaka urtetan
solasaldiak entzun eta grabatu dizkigute, guk idatzitakoa irakurri eta fotokopiatu, guk egindakoa aztertu eta behatu dute.
Familia eta adiskideengandik urrundu gaituzte. Arrantxo nazkagarri batekin bazkatzen gaituzte. Osasun-artapena galarazi digute.
Gure mina esperimentu-gaia hartuta, etengabeko Big Brother batean bizi gara, beti haien begipean. Bakoitzaren ahuleziak azalerazita,
manipulatu eta presoaren kontra baliatzen dituzte. Senideei xantaia egiten diete, gure eta gutarren sentimenduekin jolasean
ohi dabiltza. Beraien lege eta araudiak egin ondoren ez dituzte betetzen. Hori guztia gutxi izaki, ingeniaritza judizialaren
bitartez «inputazioak sortzen» dituzte, finantza-ingeniaritzak enpresa tartekatuak sortzen dituen modu berean: errealitatea
ezkutatuz eta legeak bortxatuz.
Erraz asko uler daiteke aplikatzen diguten Kode Penal edo Kartzela-Araudiaren onberatasuna. Legearen aurreko berdintasuna
gurtzen duen zuzenbidezko estatu demokratikoan bizi garela egunero frogatzen digutelako eta aipatu onberatasun horren ondorioz,
besteak beste, (salbuespen bakanen bat izan ezik) ez dut behin ere ezagutu Stockholmeko sindromez kutsaturiko preso politikorik.
Historiaren gurpila beti aurreraka, 27 mende igaro behar izan dira Drakonen Kodeak arauturiko Atenas klasikotik euskaldunei
aplikatzen zaien Kode Penal espainiarrera iritsi arte: horren arabera, kartzelan bizi eta hiltzea merezi du zeinahi egintzaren
autoreak. Euskal abertzaleez bakarrik ari gara, jakina. Gaixo dagoen preso bat kaleratzea eskatuz Donostian automobilari su
eman dion gazteak zigor oso larria merezi omen. Diskoteken ordutegia atzeratzea errebindikatuz, gazte horrexek automobila
Cadizen erre balu, isun administratiboa baizik ez zitzaion ezarriko. Eskatzen duena, berriz, euskal presook kartzelan usteldu
arte edukitzea bada, zein zigor aplika liezaioke Kode Penalak? Ez pentsa, mesedez, honakoa suaren aldeko apologia denik edo
cadiztarren kontrako zigorrak gogortzeko eskaerarik.
Ez dut gustuko konparaziotan segitzea. Nazkagarria gertatzen zait paragrafo berberean euskal militanteak eta GALeko mertzenarioak
batera aipatuak ikuste hutsa. Harrigarri samarra da, nolanahi, bi iritzi artikulu idaztearren, pertsona abertzale bati Kode
Penal horrek zortzi aldiz handiagoa den benetako kartzela-zigorra ezartzea ezen guardia zibil ohi bati, pare bat gauzatxo
egitearren: bi gazte bahitu, hainbat aste edo hilabetetan torturatu, zauriak tratatu galdeketek segitzen zuten bitartean bizirik
iraun zezaten, hilobia zularazi, hainbat tiro jo, kare bizitan ehortzi... «Haietako batek apaiza eskatu zuen. Ez genion ekarri,
merezi ez zuen-eta», aitortu zuen asasino torturatzaile batek. Senitartekoek ere, ez omen zuten merezi hilotzak eskuratzerik.
Jakina, guardia zibil ohia kartzelak gaixotu egiten du. Guardia zibil ohiak, gobernadore zibil ohiak, politiko eta politiko
ohiak.. (Horiena bai egoera tamalgarria: jateari uzten hasi aurretik ere, gose-grebaren ondorioz gaixotu egiten ez dira, ba,
izuaren izuaz!)
Aresti, gutxieneko eta derrigorturiko harreman labur bat izan nuen pertsona bitxi batekin: haren arabera, mina era desberdinetan
sentitzen dugu, arraza, kolore, kultura eta besteren arabera. Pigmeo batek eta ingeles batek, adibidez, ez lukete min berbera
nozituko, ezta txiro batek eta aberats batek ere, aurrenak ohituak baitaude miseria gorrian bizitzen. Horrela planteatua,
bederen, hura argudio xelebrea! Begira, hala eta guztiz ere, horrelaxe argudiatzen da egunero euskal presoen egoera. Kontu
jakina da torturatzaileak askozaz ere sentiberagoak direla torturatuak baino, inondik ere. Ala... mina denentzat min da, eta,
orduan, horiek aldarrikatzen ari direna bengantzarekin eta sufrikarioarekin gozatzea da?
Sentiberatasun guztiak berdinak ez direla begi bistakoa da. Badira ezin delikatuagoak, ikusia nago neu ere. Adibidez,
Alcala Meco presondegian kargu politiko ohi bat botika-banaketaren ilaran, «potitoak» jasotzeko (merkatu beltzeko praktikak
saihesteko, pilulen arduradunaren aurrean hartu behar diren depresioaren kontrako somniferoak) zain, kartzelan aste batzuk
edo, areago, hilabete bat, pairatu ahal izateko. Patioan ikusi dut, gerora, hara-hona, farmako horien efektupean, baloia saskira
behin eta berriro obsesioz jaurtiz, behin ere saskiratu gabe. Gogorra da kartzela, benetan gogorra. Eta, gogortasun horretan,
botere politikoaren erretorikatik hasi eta zernahi ebatsiz dabilen zarpailaren mintzaira txikiraino, nor bere tokian ezartzen
du.
Inongo sentiberatasunik ez dutenak pigmeoak bezala ziega batean minbiziz hiltzen ari zaizkidan kideak dira, kalera irteterik
ukatuta. Inongo sentiberatasunik gabeko beste bat, kartzelan 25 urte eman dituen laguna da, paralitiko geratzen ari dena.
Eta sentiberatasunik txikiena daukana Europako preso politiko beteranoena da: ohituta dago, Jaengo kartzelako ziega batean
bere bizitzako 26 urte eman ondoren. Isolamenduan segitzen du horrek.
Zertaz ari gara, ordea? Euskal gaiztoek berariazko legeria edo Kode Penala dutela esaten ari gara. Eta erregimen nahi
duten mozorroa ezarriko diote baina berezia da, berariazkoa. Eta horrek, de facto, euskal arazoa badela aitortu eta legitimatzen
du. Horixe dugu eta edonork daki hori, are kartzela eta zigor politika hori hipokrisiaz justifikatzen duten horiek ere. Hemen,
berriz, zigorrak, isolamendua, mina, kartzelako bizi eta heriotza baino haratago, jasanezin gertatzen dena ergeltasun demagogiko
itzelak entzutea da.
|