PSOEk hartzen duen zeinahi ekimenen aurrean, Espainiako eskuintzarrak alderdi horren aurka eragiten duen presioak bi kausa
omen dauzka: hurrengo hauteskundeen kezka, batetik, eta 2004ko hauteskundeak galdu izana ez onartzea, bestetik. Presio hori
sozialdemokratei higuingarri gerta dakieke inoiz, baina, era berean, herritarren eskakizun zenbaiten aurrean, adibidez, ateak
ixtea eta, bake prozesuan ari direla, lurraldetasunari dagokion deus ez mugitzea justifikatzeko balio diezaieke.
Nolanahi ere, hauteskunde gaietako azterketa horietan ia-ia ez da egiten aipamenik eskuintzar espainiarraren egituraketaz,
historiaz eta nahasketa ideologikoaz (lehenaldia gehiegi harrotzea ere komeni ez zaielako, agian). Gogoan izan: betidanik
eman izan zaizkigun erantzunak ematen zaizkigu egun ere, gizarte, politika edo lurraldearekin zerikusia duen askatasunik aipatu
orduko.
Hauteskundeak tarteko, euskalduna egurtzea errenta da. Estatu espainiarrean Euskal Herriak daukan garrantzi demografiko
txikia dela medio, egurra emate hori frankismo soziologikoari botatzeko moduko beita ona da, Euskal Herrian bertan botoak
jasotzeko bide baino areago. Ez diskurtso horrek Baskongadetako eta Nafarroako populazio unionistaren baitan sorrarazten duen
kohesioa, ez botoa bera ere, ez dira alferrik galtzeko moduko ondarea, inondik ere.
Eskuintzarrak ez omen du espainiar Gobernua hartuko tarte luze batean, Katalunia eta Andaluziako gehiengoaren sentipenetik
aldendu denez gero. Bigarren nazio horretan, gainera, aukera duen guzti-guztietan, akats berbera 25 urtez ari da eskuintzarra
errepikatzen, okerreko «Andaluziar, hau ez da hire estatutua» harez gero.
Inkestek ordaintzen duenaren gustuko datuak ematea gorabehera, ez dirudi hauteskundeetara joateko prestakizun eraginkorra
denik sexu bereko pertsonen arteko matrimonioaren, hezkuntza sistema erreformatzearen, dibortzioaren, abortuaren, emakumea
babestearen, ama-zelulak ikertzearen eta gainerako lege guzti-guztien aurka azaltzea. Are gutxiago, Irakeko tropak ateratzeari
ere kontra egitea. Eztabaida horiek itxiak daude, horrela egongo dira 2007 eta 2008ko hauteskundeetara begira eta, gainera,
nekez ireki litezke legeak murrizteko joera erakutsiz, horrekin boto bila badoaz. Zergatik ote dihardute horrela, ordea?
Inguruko estatu guztietan eskuinari aitortzen zaion espazio politikoa egoeraren arabera elkarganatzen eta elkarrengandik
bereizten diren alderdi bi edo gehiagok gestionatzen dute, bakoitzak bere programa daukala, zenbaitetan bata eta bestearen
arteko aldeak ñabardura hutsak badira ere. Estatu espainiarrean, aldiz, espazio hori dena PPk betetzen du, aurreko gobernuburuak
bezeroei zuzenduriko proiektu kontrarreformistaren gainetik alderdia eraikitzen asmatu baitzuen, agintaldiko bigarren laurtekoan,
gehiengo absolutua eskuan, gordin asko erakutsi zuen bezala. Eta kontrarreforma burutu ere burutuko zuen, hauteskundeetan
irabazle gertatuz gero.
Egia jakiteko urte mordoxka itxaron beharko dugun arren, geroz eta lekuko gehiagok adierazten duenez, 2004ko martxoaren
11 eta 14 bitartean eskuintzarraren asmoa hauteskunde-prozesua gelditu eta Estatuaren gestioan segitzea izan omen zen. Ez
zuten horrela jokatu, beren aurreikuspenen arabera, ostera ere irabazle izango zirelako: horrela ez zuten auto-kolpeak eragingo
zien desgastea nozitu beharko. Dena denÉ gaur ere gauza bera egingo ote zuten?
Nolanahi ere, egun hartan eskuintzarrak gobernua osatu balu M-11ko gertakaria ETAri leporatuta Ezker Abertzalearen kontrako
errepresioa ikaragarria izango zen eta, bestetik, «23-F» tamalezkoan amaitu gabe gelditu zen kontrarreforma hura burutzeko
baldintzak beteko ziren oraingoan. Aurreikusitakoaz beste aldera, ordea, sozialdemokraten eskuetara igaro zen Estatuaren gestioa
eta eskuindarren itxaropenetatik dezente urrutiratu zen.
Espainiar eskuinaren egungo diskurtso neofaxista ez da hauteskunde-egokieraren araberakoa, eskuindar horiek koherentziaz
janzten dituen esentzia ideologikoaren agerpena baizik, eta halaxe egiaztatu da, beraiek eta beren Sistema demokratatzat homologatuak
izan zitezen, «trantsizio politiko» hartan mozorroa jarri zutenetik. Orain konplexurik gabe jardun dezakete; hala behar dute,
gainera, Euskal Herria eta estatu espainiarraren arteko arazoan, batik bat. Bestela, espazio horretako gestioan bakantzea
nozitzeko arriskuan leudeke.
Ez gaitezen engaina, mesedez: Kristo Erregeren Legionario diren ministro ohiek eta ultraeskuindar ezagunek hauteskunde-interesak
ez ezik, manifestazioak, aldarrikapenak eta ideologia bera ere partekatzen dituzte espainiar populazioaren parte zabala osatzen
duen frankismo soziologikoarekin.
Bestelako formazio politikoekin hitzarmenak egitea eta, gehiengo absolutua erdietsi ezean, boterera berriro iristea galarazten
die egungo beren diskurtsoak. Baina boterea eskuratu ahal izateko, orain betetzen duten espazio politikoak eman diezaiekeen
boto-kopurua baino handiagoa beharko lukete. Eskuinaren estrategia kinka larrian dagoela esan dezakegu: gaizki aldaketa egiten
badute, txarto horrela segituz gero. Baina egoerari epe ertain edo luzera konponbidea emango zaio, eremu horretan ere, ingurune
europarrarekin homologatzean eta, boterea berreskuratu ahal izan dezaten, espazio politikoa ongi beteko duten eskuineko eta
zentro-eskuineko bizpahiru formazio osatzean ere. Baina horrek beste buruzagi batzuk izendatzea aginduko du eta, horrek, noski,
ezegonkortasuna ekarriko die, aldi batez.
Epe laburrean, lurraldetasunaren kontra aritzeak bakar-bakarrik sor diezaieke errentagarritasunik, arrisku askorik nozitzeke.
Euskal Herriari dagokiola, bake prozesua hausteko zeinahi taktikara jotzea espero dezakegu. «Terrorismoaren biktima» ezagunen
batek adierazi duen «kontrolatu gabeko bortizkeria» ere ez da inola ere baztertu behar, jakina.
2006ko martxoaren 24an zabaldutako prozesua dela eta, eskuintzarraren jarrerari egingo zaien azterketa guztiek oinarri
batzuk aintzat hartuko ditu, hara: lehenik, Euskal Herritik defentsazko borroka desagertzea ez zaiela errentagarri gertatzen;
nahiago dute kontrolpeko intentsitate apaleko bortizkeriak pizturik segitzea: horrek ez du Estatuaren euskarriak astinduko
eta, aitzitik, zapalkuntzazko neurri kontrarreformistak aplikatzea justifikatuko du. Bigarrenik, beren kohesio ideologiko
unionistaren premia. Hirugarrenik, beren hauteskunde-premiak.
Eskuintzarretik zernahi espero dezakegu; hori bai, dena txarra. Betiko eskuina baita eta, halakotzat, masa-presio apartak
bakarrik atzera eginaraz diezaioke taktikoki («trantsizio politiko» hartan modura). Eskuintzar horrek betiko metodoak eta
baliabideak ditu eta beti dago hor, osorik, Santa Teresaren beso edo santuen gorpu ustelgabeen antzera, lagunak dioen bezala,ez
santu direlako, harrek ere jan nahi ez dituztelako baizik.
|