ETA erakundeak eta Espainiako Gobernuak 1989an Aljerren izaniko negoziazioez
ari zela, Mañana, Euskal Herria elkarrizketa-liburuan anekdota hau dakar Arnaldo Otegik: «Halako batean telebistara
begira geunden, De Juana eta biok bakarrik, ustez, eta albistegian Exekutibo espainiarraren eledun zen Rosa Conde agertu zen.
Arazoari konponbidea emateko polizi bide guztien ez-eraginkortasuna frogaturik, hizketan hasteko garaia iritsia zela adierazi
zuen. Batak besteari begira eta 'Irabazi omen dugu, ezta?', elkarri. Hura, itxaropena. Geroztik panorama okertuz zihoan baina
prozesu hura (hau) aski korapilotsua izango zela ulertzeko bezain zuhur geunden».
Horrenbeste urte igarota, anekdota buruan ez neukan arren, horrela gertatuko
zela ez dut duda izpirik, horrek zehatz-mehatz erakusten baitu artean zein inozo ginen: arazoa «aise» konponduko zelakoan
geunden, mahai baten jiran, askorik luzatu gabe eta joko-arauak garbi samarrak izaki. Itxaropenez, behintzat, oker genbiltzan,
erabat. Dena den, prozesua ez zen inondik ere alferrikakoa, guztiz ezinbestekoa baizik.
Ordurako klandestinitatea, atxiloketa, tortura, kartzela eta bestelako
gorabeherak jasanak geunden arren, Aljerreko prozesua iritsi zenean inozo askoak ginen gutako bat baino gehiago. Neu, behinik
behin, oso-oso inuzente. Buruan bueltaka zebilzkigun gerra latzak; latzak bai, baina nolabaiteko ohorezko araudiaren arabera
garatzen zirenak, filmetan modura. Ez ginen gauza izaten Estatuko morroien kontrabalioak dimentsionatzeko; ez genuen ulertzen
Estatuko arrazoiak inolako muga moral edo etikorik gabeko Estatuko arrazoi baizik ez direla, ordurako Makiavelo, Clausewitz,
Giap eta beste hainbat autoreren obra irakurriak geunden arren. Baina ez genituen behar bezain sakon eta zorrozki kontrastatuak
teoria hutsa eta norberaren eskarmentuak.
Eskola ona da kartzela: bertan ederki ulertuko duzu Estatuaren funtzionamendua,
presondegi-sisteman ikasiz gero. Honakoa, izan, harresiz kanpoko errealitate sozial eta politiko berbera -hori bai, barroteek
areagotua- baizik ez delako.
Pasadizo bat aipatuko dut: kartzelan sartu berritan, Alcala Meco-n hilabete
gehiegi luzatuz zihoan arazo hari irtenbidea eman nahian, lagun batzuk kartzelako zuzendariarekin mintzatzera joan ginen.
Hark, behar zen guztia egingo zuela hitz eman, zin egin zigun. Bulegotik gustura irten ginen, beraz. Modulura iritsitakoan,
ostera, hitzarturiko denetik zuzendariak deus beteko ez zuela esan ziguten kartzelan aspalditik zeuden lagunek. Beteranoetako
bati aurka egin nion nik: «Guk eskatutakoa egiteko konpromisoa hartu du», argudiatuz. Preso zaharrak, bekainak jaitsi eta
begiak zabalduta begiratu zidan, «Ergeldu egin al zaigu tipo hau?» edo, adieraziz. Horrekin oroitzen naiz atxilotu berri den
lagun batek zuzendariarengana jotzen duen bakoitzean.
Boterearen jukutriaz dezente dakigu presook. Ikasten dugun lehenbiziko
lezioa: haiek «delinkuente» deritzoten horren kontra arau etikorik urratzerik ez dago. Zernahik balio duela, alegia. Dela
presoari pertsona izaera ukatu egin zaiolako, dela Botereak horrelakorik ez daukalako.
Ederki dakigu presook Administrazioak nola baliatzen dituen bulegoko solasaldi
horiek gure artean bazterrak nahasteko, gezurrak hedatzeko, iruzurrak egiteko, jendea higatu eta hondatzeko, nekatzeko, aspertzeko,
nazkatzeko... garaipena eskuratzeko, hitz batez. Botereak presioaren aurrean amore eman badu, lasai: mugimendu hori taktikoa
baizik ez da eta, halakotzat, presoa lasaitzen den aurrenekoan soka sobera errekuperatuko du Administrazioak.
Arazoak konpontzeko, nolanahi ere, negoziatu egin beharra dago? Dudarik
ez. Hori bai, kontuan hartu behar da, inozotasunak, printzipioek eta giza balioek hertsiki mugatua dagoela presoa, Estatua
ez bezala.
Zapaltzaileari aurre egin ahal izateko bere kontra-balioak barneratu behar
al ditugu? Barneratu ezean ulertu egin al ditzakegu? Estatuari partida irabaz ahal diezaiokegu, beraren berdina izan gabe?
Berari aurre egiteko, beharrezko balio eta kontrabalioen arteko oreka bilatzea posible al da? Desoreka horretatik abiatzea
ez al dugu kaltegarri? Baldintza-berdintasunean borrokatu ahal izateko zenbaterainoko endekapen pertsonala ordaindu behar
dugu oraindik? Dena ordaintzen badugu, azkenean ez ote gara izango haien pareko?
Ene iritziz, gerrak dena endekatzen du, baita arrazoia daukana ere, ahularen,
zapalduaren arrazoia, Euskal Herrian nabarmentzen den arrazoia, historiaren liburua atzenetik hasi ordez, hasieratik ekiten
zaionean. Eta endekapen pertsonal hori ordaintzen ari garen prezio izugarria da. Zorionez, endekapen hori balioek, printzipioek,
irmotasunak eta etengabeko autokritikak mugatzen dute, maila pertsonalean. Borroka ikuspegitik, ordea, desabantailaz agertzen
gara beti: gaiztotu gabeko herriaren desabantaila eta inozotasunaz.
Toxikatzeko kanpainetatik haratago, Estatuko Botereak ohikoa duen historia
etengabe berridazte horretatik haratago, zuzentasuna, zintzotasuna eta emaniko hitzaren balioa zer diren ondo frogatua du
Ezker Abertzaleak. Eta horrela aitortzen dute, baita ezer aitortzen ez dutenek ere. Beste aldean, Estatua.
Lana. Kohesioa. Zuhurtzia. Mesfidantza. Metodologia. Masa-mobilizazio etengabea.
Testiguak. Notarioak. Dena idatzirik. Katalizatzaileak. Denak, eskuak mahai gainean. Zuhurtzia, batez ere. Zintzoa eta zikinaren
arteko jokoan, deskuidurik arinenean, hura poltsa gabe geratu baita beti.
Toxikatzeko kanpainetatik haratago, Estatuko Botereak ohikoa duen historia
etengabe berridazte horretatik haratago, zuzentasuna, zintzotasuna eta emaniko hitzaren balioa zer diren ondo frogatua du
Ezker Abertzaleak