|
Mila esker den-denoi. 2006ko irailaren 11n, gose-greban 35 egun eman ondoren, jasotzen ari naizen elkartasunezko adierazpenek
harritu eta hunkitu egiten naute. Badakit jakin horren parte txiki bat baizik ez dela niregatik.
Ezin bestela izan: preso eta zigortu politiko guztienganako, geure ideiengatik jazarpena nozitzen dugun denonganako elkartasunezko
adierazpenak dira orain, hein batez ene egoeragatik, jaso ditugunak.
Elkartasuna, bai: Euskal Herriari hitza ukatzen diotenen inmobilismoaren aurka; iritzi delitua berriro eraiki dutenen
aurka; erregimen faxistek bereizgarri duten -eta Zuzenbideko lehen kurtsoko zeinahi ikasle higuintzen duen- autore-zuzenbide
penala aplikatzen dutenen aurka; mahai gainean bi legeria -bata, etsaiarentzat, disidente politikoei aplikatzekoa; bestea,
adiskidearentzat, usteldu, "galgo";, neonazi, finantzari, torturatzaile eta estatu-arrazoien subjektu pribilegiatuentzat-dituztenen
aurka.
Lagun batzuek nik baino urte gehiago eman dituzte giltzapean. Beste batzuek minbizia edo bestelako gaitzak pairatzen dituzte,
zigor erantsi gisa. Beste askori "Parot dotrina" izeneko aberrazio juridikoa aplikatzen ari zaie. Ene besarkada
beroa eman nahi diet horiei guztiei: badakit atxikipenezko adierazpen hauek horientzat direla eta elkartasun honek zutik iraungo
duela burdina eta hormigoizko harresien artean preso politiko bakar bat dagoen bitartean.
Mugagabeko gose-greba egiteko erabaki latza hartzera lau arrazoik ekarri naute:
Lehena: nirekin egiten ari denak -eta, bide batez, kasu honekin osatuko den jurisprudentzia, aurrekoetan gertatu izan
den bezala- niregan ez ezik, disidente politiko eta adierazpen askatasunean eragina izango duela sinesten dut etsi-etsian.
Bigarrena: erabaki hau hartuta, seguru nago inor kaltetzen ez dudala. Alderantziz, ondorio mesedegarririk izatekotan,
denentzat izango dira mesedegarri. Eta ondorio kaltegarririk etortzekotan, nire gainean soilik eroriko dira.
Hirugarrena: horrenbesterainoko bidegabekerien kontra jaiki, errebelatu eta borrokatzeko bizi-premia larria. Kontua ez
da etsiturik edo indiferente irautea (neronek ez dakit bietan zein den okerragoa). Azken hogei urteotan txotxongilo mediatiko
nabarmenetako bat izan naiz eta, halakotzat, ederki jipoitu, iraindu eta txikitu naute. Ene gorabehera pertsonal, akademiko
eta politikoez jendea ageriz eta ezkutuz toxikatu dute. Era guztietako aipu txarrak jasan, jasaten ditut. Gose-greba dut "aski
da!" esan eta mahian ukabilkada sinbolikoa jotzeko eskura daukadan modu bakarra.
Laugarrena: oso-oso soila. 2004ko urriaren 24az geroztik presondegitik kanpo behar nuke. Azken bi urteotan presondegi-txostenen
manipulazioa, behin betiko ebazpen judizialen baliogabetze edo ezkutatzea, beste egozpen batzuk sortzea... denak ari dira
"dena da baleko" katea osatzen, kartzelatik irtetea galaraziko didan kate astuna, hainbat arduradun politiko eta
judizialek hedabideetan ere sarri adierazi izan duten bezala. Horren muturrean, esperpentoa: bi iritzi-artikulu idaztea 96
urteko kartzela-aldiarekin zigortu nahi izatea, epaile instruktoreak erantzukizun penalik bilatu ez zuelarik. Kartzelatik
irtetea exijitzen dut.
Gose-greba egiteko lau arrazoi horiek erraz ulertzeko modukoak dira: horren seinale omen da jaso dudan elkartasunezko
adierazpen oldea: horiek ez dute bestelako asmorik, ezta interpretaziorik.
Nik neuk, gure eskubideen alde euskal preso politikoon borroka historiko horren barnean egin dugun ekarpen txiki honekin
eskerrak eman nahi dizkiet denei. Horrekin batera, hitz ematen diet egoerari tajuz erantzungo diodala, horrenbeste elkartasun-emaileri
ez diedala huts egingo eta dena emango dudala.
Gora Euskal Herria Askatua! Gora Euskal Herria Sozialista!»
Algeciras, 2006ko irailaren 11.
Gazteleraz / En castellano
|